XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bazuen orotarik: laborantza, oilo, urde, arraintza (arrain-hertzeak kendu ondoan haragiaren kestatzeko labearekin); eta ere lantegia, non emaztek antolatzen zituzten hamaka edo estalgi...

Jeinutsua izana gatik, etzen batere gizon buru hantua.

Urzuari zion:

- Harritzekoa da; ororen beharra badugu hemen, orotarik eskas eta egon zaitezke mokoa zabalik, bainan beti hutsik, bertzen gain utziz gauzen antolatzea.

Toki galdua da Moyobanba, Peru haindiko muga.

Ofizio guziak ikasi behartu zaizkit.

Orduan, zertako ez handizki egin ?...

Urzua errotik alde.

Biharamunean zituen haurren ezagutzak egin.

Semea xixt iragan zen, xoria bezala, eta gehiago etzuen ikusi; bainan neskatxa gelditu.

Dotzena bat urte emaiten zituen.

Urzuari ximiko egin zakon bihotzak, orroitu baitzen Santa Martan utzia zuen adin bertsuko alabaz.

Portillok ezagut-arazi zakon:

- Aines, errozu agur Urzua jaunari...

Neskatxa gurtu zen biziki polliki, eta lasterka jostatzera joan.

- Etzazula gaizkirat har, otoi, zion gero Portillok Urzuari:

Ez direa aingeruen parekoak?

Gure Jaunak ere hain maite zituen haurrak.

Jin berrian, Portillo apeza indar guziez lotu zen Indiarren girixtinotzeari; aldiz gero jaidurak emaiten zionera erori, Peruko aireak lehenbizian ekartzen duen oldarra agortu orduko.

Sukarrak pairatu-eta; Indiarren fedegabeak etsitu-eta; behin ohartu zenean egiari: etzela heien zaintzale baizik, menperatzailen eskuan ...

Komentuetan zaildu fraideek zuten Perun hobekienik irauten; pairamenek etsitu gabe xuxen bazoatzin, durdurikarik gabe, Jainkoa delakotz denboraren jabe.

Bainan gehienak etziren hek bezala oinez eta ortuts ibili nahiak.

Apez dohakabeak bazituen beraz erortzeko arrazoin ainitz: etzutena ere igorri nehoneko mendi-oihanetarat, han eduki eta han ahantzi?

Alta etzuen berehala amor eman.

Noizik behinka eror eta berriz xuti, gutiak egin zuen jaidura gaixtoak ez baitzituen garraitu.

Satanek dastatzerat eman zakon orduan kuka-orsto harrogarria.